XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina iturri gardenak eta goroldioz berdatzen diren aintzirak hurrean izan daitezela eta zelaietatik ihes egin dezan erreka mehar bat, eta palmondo batek edo basoliondo handi batek gerizpe dezatela ataria, aldameneko urbazterrak, udaberrian behar den legez, errege berriek erlekumea lehenengo aldiz gidatzen dutenean eta aberasketatik irtendako gazteriak jolas egiten duenean, berotik aldentzera gonbida dezan eta zuhaitzak, bidean, bere aterpe hostotsuetan eduki ditzan; erdira, nahiz ura geldia izan nahiz ibili, sahatsak bota itzazu zeharka eta harri eskergak, geldi ahal daitezen zubi sarrietan eta hegoak zabaldu udako eguzkira, baldin agian Euroak zipriztindu egin baditu atzeratuak edo, oldartua, Neptunon murgildu baditu.

Hauen inguruan izpiliku berdeak lora daitezela, eta sarpoil urrutitik usaintsuak, eta usain astuneko azitrai ugari, eta edan dezatela bioletek haiek berak bustitzen dituen iturria.

Eta erlauntzek berek, dela zuhaitz-azal hustuekin eginda daudela, dela zume malguez ehoak direla, sarbide estuak izan ditzatela; ezen neguak uzkurtu egiten du eztia bere hotzarekin eta beroak urtuta lagatzen du.

Indar batari eta besteari beldur berdintsua izan behar diete erleek; beren etxeetan ez dituzte alferrik gantzutzen argizariz haizebide meheak, norgehiagokan, (...)